XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Epea betetzeko puntuan San Pedro joaten da gizonarengana eta honek bere arazoaren larria azaltzen dio.

Santu horrek, deabruaren azpijokoa dela susmatzean, gizonaren ordez jokatzea erabakitzen du.

Izan ere, deabrua agertzen denean, San Pedrok hamabi hitzak kantatzen dizkio, eta deabruak, santua dela oharturik, ihesari ematen dio.

Azkuek hainbat aldaera, hamairu guztira, bildu zituen, argitaratu eta argitaragabeak kontutan izanik.

CPVko 918. orrian ematen duen aldaera San Martin eta zerraren asmaketari buruzko ipuin baten barnean sartuta doa (cf. Peru Gurea).

CPVn sei aldaera argitaratu zituen 833 zenbakian, Oiartzun, Mundaka, Lekeitio, Arrasate eta Murelagako aldaerak, azken hau 918. orrian errepikatzen delarik; orri honetan ere, eta geroago EYn (II, 312-314 orr.) Ermuako aldaera berri bat dugu.

Geure aldetik, laster argitara emango ditugun aldaera batzu eriden ditugu Azkue Bibliotekan: Muxika, Ezkarotz (Saraitzu,GN) eta Zeanuriko zazpi, eta beste lau batzu zehaztasunik ez dutenak.

Lekuonak EFn (1930) Arteagan bildu zuena eman zuen; eta Barandiaranek (Obras Completas,II,41-402 orr.) Santimamiñen berarekin lanean ari zen Nabarnizko langile bati entzundakoa jaso zuen.

EUZKADI egunkarian ere agertu zen aldaera berri bat 1932ko urriaren hamalauko alean ere delako E.T. batek bidalirik.

Bilketa modernoak frogatzen duenez, gai honek bizitasun handia du oraindik egun ere Bizkaian; honela, MGMak sei aldaera bildu ahal izan ditu Arratzu, Zeanuri-Undurraga, Markina, Muxika eta Zeanurin (bi); MZIMak, bere aldetik, oraindik argitara gabe dauden lau aldaera berri aurkitu ditu Mendexan, Lumon, Ereñon eta Forun.